Etiqueta: Bidaiari

5 resultados encontrados

  • , ,

    «Seme-alabekin bazoaz, haien beharretara egokitu behar duzu bidaia»

    «Seme-alabekin bazoaz, haien beharretara egokitu behar duzu bidaia»

    Elkarrizketa: Mikel Bringas Leer la entrevista en castellano: https://rogeblasco.blog/2024/02/12/mikel-bringas-travesia-de-norte-a-sur-de-estados-unidos-en-bicicleta-de-montana/ Mikel Bringas (Donostia, 1969) Heziketa Fisikoan doktorea eta bizikletazale amorratua da, bai hiriko txirrindulari gisa, bai ziklo-bidaiari bezala. Rosa Lizaso emaztearekin zenbait zeharkaldi egin ditu bi gurpilen gainean Asiako hego-ekialdean, Kuban, Costa Rican eta Iberiar penintsulan. 2005ean, eztei bidaia egin zuten, tandemean Euskal Herriari itzulia emanez, Seguir Leyendo >

    Elkarrizketa: Mikel Bringas

    Leer la entrevista en castellano: https://rogeblasco.blog/2024/02/12/mikel-bringas-travesia-de-norte-a-sur-de-estados-unidos-en-bicicleta-de-montana/

    Mikel Bringas (Donostia, 1969) Heziketa Fisikoan doktorea eta bizikletazale amorratua da, bai hiriko txirrindulari gisa, bai ziklo-bidaiari bezala. Rosa Lizaso emaztearekin zenbait zeharkaldi egin ditu bi gurpilen gainean Asiako hego-ekialdean, Kuban, Costa Rican eta Iberiar penintsulan. 2005ean, eztei bidaia egin zuten, tandemean Euskal Herriari itzulia emanez, gurditxo batean 9 hilabeteko Eki zeramatela.

    Lur alaba jaio zenean, bidaia ugari egin zituzten, tartean hiru hilabetekoak. Pedalei eragin zieten Europa kontinentalean (2009), Zeelanda Berrian (Kiwizibidaia, 2011), Senegalen eta Gambian (2014), Islandiako itzulian (2015) eta Ekuador-Galapagoetan (2017).

    Bringasen bakarkako erronka nagusia Great Divide Mountain Bike Route izan da. Asfaltoz kanpoko munduko bizikleta ibilbiderik luzeena da: 4.339 kilometro eta 45.618 metroko igoera (Everest zazpi aldiz!). Banff-en hasten da, Kanadako Mendi Harritsuen parkean, Estatu Batuetan sartzen da, eta, azkenik, Antelope Wells-en du helmuga, Mexiko Berrian.

    Ziklo-bidaiaria izan aurretik, frontoietako munduarekin lotuta egon zinen, eta doktore tesia egin zenuen euskal pilotaren estrategiari, taktikari eta teknikari buruz. Nola pasatu zinen bizikleta eta bidaien mundura, egun duzun zaletasun nagusira?

    Gaztetan, euskal pilota buruan izaten nuen egun osoan, eta asko gozatzen nuen. Lehenik, jokalari gisa, gero entrenatzaile, teknikari eta kudeatzaile lanetan zenbait federaziotan, eta, azkenik, ikertzaile bezala. Hori izan zen nire bizitza 35 urterekin, Eki izan genuen arte. Hamarkada bat lehenago, Rosa eta biok bizikletan bidaiak egiten hasi ginen eta harra sartu zitzaigun. Aldaketa progresiboa izan zen; pilota mundutik askatuz joan nintzen eta, aldi berean, gero eta gehiago pentsatzen nuen bizikleta ibilaldiez.

    Zorionez, frontoiaren nazioarteko alderdia ezagutzeko aukera izan nuen, hainbat urtez Venezuela, Argentina, Bolivia, Brasil eta Estatu Batuetako euskal etxeak bisitatu nituelako eskolak ematen.

    Zure burua mundura zabaltzeko balio izan zizun?

    Zalantzarik gabe, nire pentsamoldea aldatu egin zen. Lehen irteera Parisko munduko txapelketara izan zen, 18 urte nituenean. Hor konturatu nintzen beste leku batean nengoela eta interesgarria zela beste herri, ohitura eta kulturak ezagutzea.

    Esan dezakegu ziklo-bidaiari gisa hiru fase izan dituzula: lehenengo emaztearekin, ondoren, familian bi seme-alabekin eta, azkenik, bakarka. Nolakoa izan da bilakaera hori?

    Hasierako etapa bat dago Rosarekin; bi gazte maiteminduta, dena ederra eta erraza dirudi. Jakina, seme-alabekin konplikatu egiten da. Erritmoa jaitsi egin behar duzu, haien beharretara egokitu, helmuga lasaiagoak bilatu, konfiantza hartu arte. Euskal Herriari itzulia emanez abiatu ginen. Ondoren, Ekik hiru zituenean eta Lurrek urtebete baino ez, Europan zehar hiru hilabetez bidaiatzera animatu ginen. Lehen une txarraren oroitzapena gordetzen dut; egoerak gainditzen ninduela sentitu nuen.

    Gau batean gertatu zen. Kanpatu egin genuen, hotz egiten zuen, euria, eta bi seme-alabek lo zakuetan pixa egin zuten. Baldintza oso txarrak ziren. Jaiki ginenean, Rosari esan nion: «Hau ez da bidaiatzeko modua. Ez gara gozatzen ari. Goazen etxera». Eta etxerako bidea hartu eta bost kilometrotara Rosak pentsatu zuen: «Nola joango gara orain etxera, bidaia hau hainbeste prestatu ondoren? Aurrera egingo dugu eta ikusiko duzu nola konpontzen den dena». Konbentzitu egin ninduen; hasierako beldurra zen, lehengo aldia… Une txarretan, Rosa izan da beti moralez bete gaituena. Gero, beste hiru hilabetez Zeelanda Berrira joatera animatu ginen, eta asko gozatu genuen.

    Gero, haurrek beste neska-mutilekin sozializatzeko adina zutenean, beste familia batzuekin batera hasi ginen ibilbideak antolatzen. Adibidez, horietako familia batekin egin genuen Islandiako itzulia. Eguzkitan abiatu ginen, baina bat-batean zerua ilundu zen eta berehala euri zaparradak eta haize zakarrak jasan behar izan genituen. Gu, erabat bustita, aldapa gora. Kanpatu nahi genuen, baina dena blai zegoen. Umeak, dardarka, eta nik neure buruari esaten nion: «Baina nork agindu dit niri hona etortzea!». Zorionez, biharamunean eguraldi ona hasi zen, zenbait egunez iraun zuelako eguraldi onak. Azkenean, Reykjaviken amaitu genuen mahuka motzean.

    Une batzuetan bidaiak proban jartzen zaitu. Baina egiten ari zarena benetan gustatzen bazaizu, aurre egin behar diozu, eta dena ondo joango da.

    Great Divide Mountain Bike Route izan al da zure erronkarik handiena?

    Orain askatasun eta esperientzia gehiago dut neure abenturak antolatzeko, eta hau bi urtez prestatu nuen. Egin dudan ibilbiderik ederrenetakoa da. Oso gogorra da, baina zuk ezarritako erritmoaren araberakoa da. Txirrindulari batzuek hiru edo lau hilabetetan egiten dute eta beste batzuek, berriz, martxa bizian. Ofizialki 4.339 kilometro dira, baina kontuan izan behar da suteek eta meteorologiak alda dezaketela eta, ondorioz, batzuetan tarteak itxi egin behar izaten dituztela. Nire kasuan, batez beste 100 kilometro eta 1.500 metroko desnibel positiboa egin nuen etapa bakoitzeko. Nire ustez, ondo dago, trazaduraren %90 asfaltoz kanpo igarotzen baita, lurrezko edo hartxintxarrezko pistak direlako.

    4.200 kilometro egin zenituen 43 etapatan, 2023ko abuztuaren 24tik urriaren 8ra. Zein izan da zailtasunik handiena?

    Gehien nekatu eta mindu nauena izan da pisten egoera gainazala “washboard”, zoru uhindukoa, denean. Kilometro horietan “bum, bum, bum!” zoaz. Lurra buztintsua da eta, euria ari duenean, bizikletari itsasten zaio gurpilak blokeatuz eta, ondorioz, transmisioak ez du funtzionatzen. Kontrako haize handia ere jasan nuen; egoera horrek fisikoki nekatu egiten zaitu, baina haren zarata hain da gogaikarria, ezen tapoiak jarri behar izan bainituen belarrietan, buruan eragiten zidalako.

    Zer egiten zenuen janariz hornitzeko?

    Benetako arazoa da zein gaizki jaten duten herrialde horretan. Establezimendu gehienetan, zabor-janaria besterik ez dago, snack, litxarreria eta koloretako edarien eskaintza zabala. Sinestezina da edari azukredunekiko duten menpekotasuna, obesitate indize altuak eragiten dituena. Zahartutako jendea ikusten duzu. Alabaina, botika ugari saltzen dituzte, baita supermerkatuetan ere, txirrindulariek erosten dituztenak, tartean edari isotoniko eta kafeina pilulak. Nik uste dut iturriko urarekin eta ezer gutxi gehiagorekin aurrera egin daitekeela era berdinean.

    Zeintzuk dira Great Divide Mountain Bike Routek ukitzen dituen estatuak?

    Banff da abiapuntua. Albertako probintzian dago, Kanadako Mendi Harritsuetan. British Columbia pixka bat ukitzen duzu Montanatik muga zeharkatzeko; Idaho, Wyoming, Colorado eta Mexiko Berria, non teorian ibilbidea amaitzen den, Antelope Wells herrian. Azken bi etapetan desbideratu egin nintzen Texas aldera, hegazkina El Pason hartu ahal izateko.

    Kotarik altuenak Colorado estatuan lortu nituen. 3.631 metrotara igo nintzen. Lehenengo elurrak azaldu baino lehen iritsi nintzen. Oro har, esan dezaket gehiago sufritu nuela hotzagatik, beroagatik baino. Alabaina, zortea izan nuen eguraldiarekin, ohi baino euri gutxiago egin zuelako, txingor zaparrada izugarri batek harrapatu ninduen arren.

    Andramari Getxo. Foto: Roge Blasco.

    Islandia

    Zein zen eguneroko plana?

    Eguzkiarekin batera jaiki eta oso azkar gosaltzen nuen, ez bainuen kaferik hartzen, ezta berotu beharreko beste ezer ere. Denda hartu eta ordu erdi pasatxoan bizikletan nengoen. Hamar ordu pedalei eragiten eman ondoren, aurreikusitako helmugara iritsi, afaldu eta lotara, 10-12 orduz.

    Jendea laguntzeko prest izan al da?

    Gizarte amerikarra oso irekia da eta laguntzeko prest dago. Auto pila bat gelditu zaizkit parean, ura eta janaria eskaintzeko, eta egun batean jaun batek 20 dolarreko billete bat eman nahi izan zidan homeless bat nintzelakoan. Ez kezkatzeko erantzun nion, oporretan nengoela. Egiten duzun ahalegina baloratzen dute.

    Sekulako zirrara eragin zidan Mexikoko mugara iristeak. Basamortua ezkutuan zeharkatu zuen Venezuelako migrante talde handi bat zegoen. Tartean agure, haurdun eta haurrak zeuden, erabat akituta hamaika miseria pasatu ondoren.

    Testua: Roge BLASCO.

    Argazkiak: Mikel BRINGAS

    Bidaiari aldizkaria

    Puedes escuchar el audio de la entrevista en castellano:

  • , ,

    Martin Ibarrola, legez kanpoko urrearen oihanean

    Martin Ibarrola, legez kanpoko urrearen oihanean

    Leer esta entrevista en castellano: https://rogeblasco.blog/2023/04/20/martin-ibarrola-en-la-selva-del-oro-sin-ley/ Testua: Roge BLASCO Argazkiak:Martin IBARROLA eta Oihan BLASCO Martin Ibarrolak abenturen kronikari gisa estreinako liburua argitaratu du: “La selva herida” (Oihan zauritua). Miguel Gutierrez Garitano esploratzaile arabarrarekin batera Peruko Amazonian egindako bidaia deskribatzen du. Aitzakia zen Juan Alvarez de Maldonadori jarraitzea, XVI. mendearen erdialdean Paititi erresuma mitikoaren bila joan Seguir Leyendo >

    Leer esta entrevista en castellano: https://rogeblasco.blog/2023/04/20/martin-ibarrola-en-la-selva-del-oro-sin-ley/


    Testua: Roge BLASCO Argazkiak:Martin IBARROLA eta Oihan BLASCO

    Martin Ibarrolak abenturen kronikari gisa estreinako liburua argitaratu du: “La selva herida” (Oihan zauritua). Miguel Gutierrez Garitano esploratzaile arabarrarekin batera Peruko Amazonian egindako bidaia deskribatzen du. Aitzakia zen Juan Alvarez de Maldonadori jarraitzea, XVI. mendearen erdialdean Paititi erresuma mitikoaren bila joan baitzen; zenbait kondairaren arabera, toki hartan babestu ziren azken inkak, konkistatzaile espainiarrak iritsi zirelarik. Altxor ezkutuen urrezko lurralde bat.

    Martinek eta Miguelek aurrekontu mugatuarekin bidaiatu zuten, eta kayak puzgarri pare bat baino ezin izan zituzten eskuratu. Kayak horiekin Jainkoaren Ama ibai menderaezinean arraunean egiteko prestatu ziren. Mashco piro komunitate indigenara hurbiltzeko asmoa zuten, planetako azken etnia isolatuetako batera. Hurrengo etapak meatze korridorean sartzera eraman zituen, legez kanpoko urre ustiapenaren gainean dokumentatzeko. Gizartearen degradazio ekologikoaren lekukoak izan ziren: legerik eta justiziarik gabeko herriak. Hirugarren eta azken faseak antzinako hondakinak aurkitzea zuen helburu, Peru, Bolivia eta Brasilgo muga hirukoitzarekin muga egiten duen oihanean. Beren ahaleginean galdu egin ziren oihanean: beroak, ur faltak eta jaguar baten presentziak harrapatuta geratu ziren.

    Martinek «La selva herida» liburuaren lehen orrialdean adierazi duenez, irakurleak edertasun, abentura eta hondameneko istorio batekin topo egingo du.

    Peru hegoaldeko oihan zauritu horri buruz hitz egiteko, Martin Ibarrolak Oma bailaran dagoen familiako baserrira eraman gaitu. Handik, bere leku kutunenetako batera igo gara, Koba Ederrera. Espeleologia maite du, eta kobazuloak dira bere aterpe kutunak.

    Goiz eguzkitsua, landare giro gozoa, isiltasunez betea. Oso aproposa Martin Ibarrolak “La selva herida” lanaren nondik norakoak konta ditzan.

    Zergatik ekarri gaituzu Koba Ederraren atarira elkarrizketa hau egiteko?

    Gustura asko egoten da hemen.

    Halaxe da. Bai paraje berezia! Zure haurtzaroaren parte al da?

    Haurtzaroa, gaztaroa eta oraina. Hona etortzen naiz kanpoan lo egitera, baita hotz polarra egiten duenean ere. Kobazulo barrutik euria ikusten duzun aterpe bat da. Niretzat paradisuaren pareko lekua da. Luxu bat.

    Gogo baduzu, Omako haranetik Peruko Amazoniara joango gara, Manuko parke nazionaleko oihan tropikaletan zehar sigi-saga dabilen Jainkoaren Ama ibaira. Nola antolatzen da espedizio bat Paititi hiri mitikora eta legez kanpoko meatzeetara?

    Miguel Gutierrez Garitano obsesionatuta zegoen Juan Alvarez de Maldonado konkistatzailearekin. Bera izan zen Paititi erresumatik berriak ekarri zituen lehenengoetako bat. El Doradoren estiloko erresuma mitologiko moduko bat zen, baina Peruko isurialdean. Inkak altxorrekin babestu omen ziren espainiarren iritsieratik ihesi. Migueli benetan interesatzen zitzaiona alde historikoa zen, mitoa nola sortzen den, eta Maldonadoren espedizio haren tankerakoa egitea. Erakargarria egin zitzaidan proposamena, eta esan nion: “Zurekin joan nahi dut!”. Gainera, bidaia perfektua iruditzen zitzaidan, poliki-poliki joatea zelako asmoa, niri gustatzen zaidan bezala, inguruak eta arazoak ezagutzeko eta erreportajeak idazteko aukera ematen baitit. Eta Miguelek erantzun zidan: “Primeran”. Beste batzuei ez zitzaien ideia interesatu, kayakean arraun egin behar zelako.

    Bi kayak puzgarri erosi zenituzten. “La selva herida” liburuan idazten duzunez, Atalaya herriko agure batek -handik abiatu baitzineten-, Jainkoaren Ama ibaian gora zoaztela ohartzean, augurio zorigaiztokoa botatzen du ozenki: “Baltsa horietan hildako baten kaxa kabitzen da”. Ez ote zen oso arriskutsua halako ontzi hauskorretan arraun egitea ur-laster hain bizietan eta goitik behera zetozen enborren artean?

    Hangoek ondo ezagutzen zuten ibaia. Bazekiten zer esaten zuten. Baina eguraldiarekin zorte handia izan genuen. Eguraldi oneko leiho eder bat zabaldu zen. Zenbait egunen ostean, ibaia utzi genuenean, hodei tximistadunak ikusi genituen urrutian, eta euria hasi zuen uholdeka. Ordu gutxiren buruan ur-emariak enborrak zekartzan. Imajinatu Amazoniaren indarra, kayak puzgarri batzuen aurrean. Zortea izan genuen. Gero, saldu egin genituen kayak haiek, ez baitzegoen kondizio horietan segitzerik.

    Baina lehenago ibai ondoko komunitate indigenak bisitatu zenituzten.

    Mashco piroen lurraldea inguratu genuen. Asko interesatzen zitzaizkidan, aztertu beharreko fenomeno antropologikoa delako, oso isolatuta daudelako eta, hala ere, teknologizatutako munduarekin bat egiten hasi diren beste komunitate indigena batzuekin muga egiten dutelako. Hizkuntza ahaztu bat hitz egiten dute, biluzik doazen, baina, beste alde batetik, aihotzak, arropa eta beste objektu garaikide batzuk desiratzen hasten diren izaki batzuen arteko talka-leku batean geunden. Kontaktu hori nola kudeatzen den, horrek erakartzen ninduen.

    Oraintxe bertan Peruko agintariek kontakturik gabeko politika egiten dute. Baina indigenak eurak dira oihanetik irteten ari direnak. Dilema oso konplexua da, eta egoki ekiteko zaila. Gu joan ginen garaian, hiru pertsona hil zituzten geziz.

    Zoragarria da Paititi, Amazonia liluragarrian. Eta Jainkoaren Ama ibaia, eta Juan Alvarez de Maldonadoren istorioa. Baina errealitate gordin batekin topo egin zenuten: meatze-hiriekin. Paradisutik infernura pasatzea bezalakoa al da?

    Miguel Gutierrez Garitanoren espediziotik gehien erakartzen ninduena zen ibilbideak geografikoki bat egiten zuela gatazka ugarirekin, eta denak ziren zirraragarriak. Hau da, eskualde berean komunitate indigenak eta modernitateak talka egiten dute: oihan birjinako azken zirrikituetan ikertzen duten zientzialariak, meatze-herrietako ohitura basatiak, ustelkeria, pertsonen salerosketa, basoen soiltze eta ustiatzea.

    Nolakoa izan zen Boca Colorado meatze-hirira egindako bisita? Zer pertsonaia mota babesten dira leku horretan?

    Prostitutek bezeroak eramaten zituzten aterpetxe batean lo egin genuen. Intziri handiak izan genituen gau osoan. Erasorik ez izateko, barrikadak egiten zituzten kateatutako altzariekin.

    Boca Coloradon, regetoi beroa entzuten zuten soldatzaileak nahasten ziren urre saltzaileekin. Prostituzioz kamuflatutako jende salerosketa zegoen. Eta hori guztia poliziarik gabe.

    Ozeanoartekoa deitzen den errepidetik La Pampa izenez ezagutzen den herri batera iritsi zineten. Idatzita daukazu: “98 eta 117 kilometroen artean txapaz, urrez eta odolez egindako hiri bat zegoen”.

    Kontrolik gabeko meatzaritzaren adierazle nagusia da La Pampa. Legez kanpoko meatzariak, erregistratuta ere ez dauden kokalekuak egiten joan ziren. Legez kanpoko lurraldeak dira, inolako aginpiderik gabe, erroldarik gabe, desagertzeekin, hilketekin, hobi komunekin. Zortea izan genuen, armada ari baitzen han inguruko meatze kanpamendu batean esku hartzen. Kaleak nahiko lasai zeuden, baina hondamendi soziala eta hondamendi ekologikoa agerikoak ziren. Baso mardulak eta biziz beteak egon beharko luketen lekuan basamortua dago, kilometro eta kilometroak hondarrez, olioz eta gasolinaz.

    Urreak gizakiaren txarrena agertzen al du?

    Meatzaritzak diru asko mugitzen du. Latinoamerikako lehen urre ekoizleen artean dago Peru; %30 legez kanpoko jardueratik dator, hau da, legez kanpoko meatzaritzatik. Horrek delitugintzaren, ustelkeriaren eta sexu esplotazioaren alderdiak sortzen ditu. Funtsean, gizakiaren behe instintu guztiak bat datoz urrearen bilaketa horrekin.

    Bitxia da askok inguru horretan Paititia bilatzen dutela; mitoak arrazoi zuen, beraz.

    Juan Alvarez de Maldonadoren urratsei jarraiki, Peru, Bolivia eta Brasilgo muga hirukoitzeraino iritsi zineten. Espedizioaren azken zatian inken hondakinak aurkitzen saiatu zineten.

    Hiru egunez ibili ginen oihanean, hamar orduz. Deshidratatu egin ginen. Edari azukredunekin amesten genuen. Miguelek galtzak zarpailduta zeuzkan. Alde brasildarrean jaguar bat hurbildu zitzaigun. Galduta amaitu genuen. Baina abentura zoragarria izan zen.

    Inoiz izan al zenuten maparen mugan egotearen sentipena?

    Etengabe. Baina ez hainbeste maparen hutsunearen ikuspuntu erromantikoa, baizik eta ahaztutako jendea bizi den leku urrun batean egotekoa.

    Edertasunaren eta atsekabearen bila Amazoniara egindako espedizio baten kronika da “La selva herida”?

    Ez nuen nahi liburuak hondamen hutsa adieraz zezan, baina ibaiak, ezinbestean, legerik eta justiziarik gabeko lurralde batera eraman gintuen. Hala ere, azken kapituluak “La canción de los mineros sensibles” (Meatzari sentikorren abestia) izenburua du. Haietako bi ezagutu genituen, munduko urre guztia emango luketenak futbol estadio batean kantatzearen truke eta haien musei poema batzuk idaztearen alde.

    La entrevista se publico en la revista Bidaiari en abril 2023.

  • ,

    Ikusgarria da nola egiten duten korrika Raramuri herriko emakumeek gona eta sandaliekin

    Ikusgarria da nola egiten duten korrika Raramuri herriko emakumeek gona eta sandaliekin

    Leer esta entrevista en castellano. Clara Ruizek (Madril, 1985) lanpostu ona zuen bankan finantzaria gisa, baina trajea eta takoiak kirol zapatilen eta motxilaren ordez aldatzea erabaki zuen. Atletismoarekiko eta bidaiarekiko zaletasunak uztartu zituen, ‘Kilometroak munduarentzat’ proiektua sortuz. Asmoa zen zegoen lekuetan 15 kilometroko lasterketetan parte hartzea, eta halaxe egin zuen Asian, Europan, Amerikan eta Afrikan. Seguir Leyendo >

    Leer esta entrevista en castellano.

    Clara Ruizek (Madril, 1985) lanpostu ona zuen bankan finantzaria gisa, baina trajea eta takoiak kirol zapatilen eta motxilaren ordez aldatzea erabaki zuen. Atletismoarekiko eta bidaiarekiko zaletasunak uztartu zituen, ‘Kilometroak munduarentzat’ proiektua sortuz. Asmoa zen zegoen lekuetan 15 kilometroko lasterketetan parte hartzea, eta halaxe egin zuen Asian, Europan, Amerikan eta Afrikan.

    Nepalen abiatu zuen egitasmoa 2019ko urrian. Iritsi eta bi egunetara, 15 kilometroko mendi lasterketa batean parte hartu zuen Nagarkoten, Katmandutik hurbil. Lasterketa beretzat propio diseinatuta zegoela zirudien. Izan ere, emakumezkoen sailkapenean bigarren geratu zen.

    Bi trekking egin zituen, horietako bat Everesteko kanpamentu nagusira. India iparraldetik hegoaldera zeharkatu zuen, Kanputxean eta Myanmarren egon zen eta Thailandian gelditu egin behar izan zuen, koronabirusaren inguruko alarmak behartuta. Berriz mugitzeko aukera izan zuenean, Thailandia zeharkatu zuen bizikletaz.

    Hegazkinez Balkanetara joan eta Kroazia, Eslovenia, Serbia, Montenegro, Albania, Mazedonia eta Turkia bisitatu zituen. Ondoren, Ameriketan, Mexikotik Perura joan zen eta, azkenik, Afrikan, Egiptotik Hegoafrikara.

    Hiru urte eta erdiz Himalaian ibili da, Kilimanjaro igo du, Bombay eta Iten (Kenya) bezalako lekuetan korrika egin du. Errendimendu handiko atletak prestatzen dira azken honetan.

    Myanmarren meditazio zentro batean egon zen, material birziklatuarekin etxebizitza bat eraikitzeko boluntariotza egitearen truke.

    Globoz hegan ibili zen Kapadozia gainean eta hegazkinez ikusi zituen Nazcako lerroak. Iquitosen (Peru) egon zen Amazonia ezagutzeko. Covidarekin gaixotu zen Boqueten (Panama). Baleak ikusi zituen Ladrilleron, Kolonbiako Ozeano Barean. La Guajirako txirotasunak erabat txundituta utzi zuen; ostatu hartzeko, gela huts bat negoziatu behar izan zuen.

    Aldiz, Victoria ur jauzietako luxuzko hotel batera gonbidatu zuten, Instagramerako lan bat egiten ari zen bitartean. Bulawayon (Zimbabwe) bizi ziren ingeles bikote batek hartu zuen eta ‘pool party’ batera gonbidatu zuten. Hain ondo moldatu ziren, ezen hilabete osoa egon baitzen haiekin batera.

    Itsaso Gorrian urpean igeri egin zuen Sinai penintsulan. Ugandan lehengusu bat bisitatu zuen, moja batzuekin boluntariotza lanak egiten zebilena. Nilo ibaiaren iturrietan egon zen, Jinjan. Lau egunez ibili zen kanoan Zambeze ibaian, animalia basatien artean. Tanzania eta Zambia zeharkatzen dituen Tazara trena hartu eta Lurmutur Hirian amaitu zuen, erabat nekatuta, Afrikako ibilbidearen amaieran.

    Gaur egun, Mugarik Gabeko Medikuen misioetan sartuta dago. Yemenen urte erdi egon ondoren itzuli berri da. ‘Kilometroak munduarentzat’ gaiari buruz hitz egiteko, Luengoko San Julian hondartza kantabriarrean egin dugu hitzordua, familiaren etxean egun batzuk ematen dituen lekuan.

    ‘Kilometroak Munduarentzat’ egitasmoaren aurretik atletismoa egiten zenuen. 10 kilometroko lasterketetan eta maratoi erdian espezializatuta zeunden. Horrek bultzatu zintuen lana uztera eta korrika eginez kontinenteak ezagutzera?

    Ekonomialaria naiz, ondo kokatuta nengoen inbertsio bankuan, baina urtebetez dirua aurreztea eta abentura abiatzea erabaki nuen. ‘Kilometroak Munduarentzat’ egitasmoa planetatik korrika egitean datza. 50 litroko motxila batekin ibili naiz. Asia izan zen aukeratutako lehenengo kontinentea, han bidaiatzea erraza eta merkea delako emakume batentzat. Nepalek asko erakartzen ninduen, bere mendiengatik eta Himalaiari buruz irakurria nuenagatik.

    Sumatu al duzu alderik kontinenteen artean korrika egiteko zaletasunean?

    Garapen handiagoko lekuetan jendea gehiago aritzen da kirolean. Bangkok edo Lurmutur Hiria bezalako hiri handietan lasterketak antolatzeko ohitura dago. Hala ere, landa eremuetan haluzinatu egiten zuten ni korrika pasatzen ikustean.

    Distantzia luzeko lasterketetako leku mitikoetan egon zara, hala nola Mexikoko Tarahumara mendilerroko Kobrezko Arroilan, non raramuriak dauden, beren buruei «oinezko korrikalariak» esaten dietenak. Baita Kenyako Iten-en ere, atletismoko txapeldunen herrian. Horrek zer suposatu du zuretzat atleta gisa?

    Chihuahuatik Mexiko iparraldeko Ozeano Bareko kostalderaino doan Txepeko trenera igo nintzen. Raramurien lurraldetik igarotzen da. Dibertigarriena da ikustea nola korrika egiten duten, zein abiaduratan, emakumeek jantzi tradizionalarekin, hau da, gona eta sandaliekin…

    «Amerikan herrialderik arriskutsuena eta gordinena Honduras iruditu zait, eta Afrikan, berriz, Johannesburgo»

    Iten atletismoaren sorlekua da. Hara mundu osoko atletak joaten dira entrenatzera, horretarako baldintzak ezin hobeak daudela uste baita. 2.500 metrotik gorako altueran dago. 5.000 biztanle baino ez diren arren, txapeldun olinpiko ugari dituzte. Herritarrak buru-belarri inplikatuta daude lasterkarien prestakuntzan eta antolatzen diren probetan. 15 kilometroko lasterketa egin nuen. Ohituta nago podiumera igotzera, baina Iten-en «nire lekuan» jarri ninduten. Atzetik hasita hirugarren edo laugarren iritsi nintzen, ahalegin handia egin nuen arren.

    Eta nola lortzen da lasterketan parte hartu ondoren motxilarekin kargatuta bideari jarraitzea autobusez eta trenez?

    Askotan nekatuta nengoen eta beste batzuetan, aldiz, ez, korrika egitea bizikletan ibiltzearekin edo kayakean arraun egitearekin tartekatzen nuelako. Bidaiaren logistikaren araberakoa zen nire egoera; batzuetan ezin nuen korrika egin, 24 orduko bidaiak egiten nituelako. Ez da gauza bera lan bat izatea eta entrenatzera irtetea edo kiroletik eta kirolerako bizitzea. Horixe egin dut bete-betean, eta horrexegatik ezin naiz kexatu.

    Zein izan dira igaro dituzun lekurik arriskutsuenak eta zein trikimailu erabili dituzu une delikatuak ekiditeko?

    Amerikan herrialderik arriskutsuena eta gordinena Honduras iruditu zait, eta Afrikan, berriz, Johannesburgo. Zorionekoa izan naiz gauza on asko gertatu zaizkidalako; jendea bikain portatu da nirekin. Nire formula izan zen gauez ez irtetea, alkoholik ez hartzen saiatzea eta drogez ezer ez jakitea.

    Lau kontinentetan zehar egindako abentura Lurmutur Hirian bukatu zenuen. Ahituta amaitu al zenuen?

    Hiru urte eta erdi neramatzan bidaiatzen eta etenaldi bat egin nahi nuen. Bizitza erdi nomada egiten jarraitzen dut. Orain Mugarik Gabeko Medikuak erakundearentzat lan egiten dut. Oraintxe itzuli naiz, urte eta erdi Yemenen egon ondoren. Han 3 proiektu ditut.

    Bitartean, Oman bisitatu dut. Lituaniara noa, eta gero maratoi bat dut Errumanian. Beraz, munduan zehar korrika segitzen dut.

    https://www.naiz.eus/eu/hemeroteca/bidaiari/editions/bidaiari_2024-12-06-06-00/hemeroteca_articles/ikusgarria-da-nola-korrika-egiten-duten-raramuri-herriko-emakumeek-gona-eta-sandaliekin

  • Mitre penintsulak naturaren aurrean jarri eta ezereza sentiarazten dizu

    Mitre penintsulak naturaren aurrean jarri eta ezereza sentiarazten dizu

    Leer esta entrevista en castellano. «Regresé con la idea de estar tres meses, pero al final fueron cuatro años y medio, motivados por la armonía, la energía de la naturaleza, los sentidos, los colores y la paz» Planetako muturreko leku batean bakarturik iritsi da Sergio Anselmino gizakiaren esentziara, fauna basatiaz inguratuta. Lau urte eta erdiz Seguir Leyendo >

    Leer esta entrevista en castellano.

    «Regresé con la idea de estar tres meses, pero al final fueron cuatro años y medio, motivados por la armonía, la energía de la naturaleza, los sentidos, los colores y la paz»

    Planetako muturreko leku batean bakarturik iritsi da Sergio Anselmino gizakiaren esentziara, fauna basatiaz inguratuta. Lau urte eta erdiz Puerto Español-en dagoen txabola-babesleku batean egon da, Agirre badian, Mitre penintsulan, Suaren Lurraldeko ekialdeko muturrean. Amerikarik australena da, Andeak itsas labarretan amaitzen diren tokia, Antartika penintsulatik 900 kilometrora. Denbora horretan hegoaldeko lurralde horietako biztanle iraunkor bakarra izan da.

    Anselminok (Argentina, 1978) 15 urterekin alde egin zuen etxetik, 19 urte arte Kordoba probintzian bizi izan zen eta, ondoren, Mendozara joan zen. Han, Andeen oinetan, ia-ia bi urtez egon zen. Argazkigintza, txirrindularitza eta naturara zaletu zen.

    Suaren Lurraldera iritsi zen, 21 urte zituela, hiru astez autostop eginez. Deigarria egin zitzaizkion itsasoaren ondoko basoa eta klima hotza. Ushuaian zegoela, Tierra de Fuegoko parke nazionalean lan egiteko aukera izan zuen. Aintzira baten ondoan eman zuen denbora, naturaren zikloetara ohitzen, eta, azkenean, Ushuaia inguruko bidexka eta mendiez matemindu zen. Merkantzia-marinelaren ikastaroa egin eta Beagle kanalean nabigatzen hasi zen.

    Mitre penintsula oinez esploratzea erabaki zuen 2004ko apirilean. Seinaleztatu gabeko ibilbideek eta bizilagunik gabekoek erabat seduzitu zuten. Argi gutxi, hotz handia, ibaien emariak neurriz kanpokoak… Asko ziren eragozpenak, baina, hala ere, aurrera egitea erabaki zuen. Izan ere, bidaia horrek nortasuna zein bizitza aldatuko zizkion.

    Hamaika aldiz egon zen arriskuan baina, zorionez, beti onik atera zen. Hall lurmuturrera bidean, 160 metroko sakonerako haitzulo batzuk aurkitu zituen, oraindik ezezagunak zirenak eta, ondoren, Argentinako Espeleologia Federazioak “Anselmino” izenarekin erregistratzen zituenak.

    Ia bi asteko ibilaldia egin ondoren, Puerto Españolera iritsi zen. Eta hiru egunez atseden hartu zuen txabola-babesleku batean. Bertan sorginkeria sentitu omen zuen eta tokiaz maitemindu omen zen.

    Ushuaiatik abiatu eta 45 egun geroago, ia 700 kilometro egin ondoren, Río Grande hirian amaitu zuen ibilbidea. 20 kilo galdu zituen bidean.

    Bidaiak eta egonaldiak tartekatu zituen berriro Puerto Españolen, harik eta 2014. urtean Suaren Lurraldetik bizikletaz urrundu zen arte. Bi urte igaro zituen pedalei eraginez. Guztira, 20.000 kilometro egin zituen Argentinan, Txilen, Uruguain, Brasilen eta Bolivian. Ondoren bizikleta aparkatu eta Afrikako mendebaldeko kostan zehar ibili zen, Marokotik Hego Afrikara.

    2011n, ‘gizarte modernoa’ utzi eta Puerto Españolean erabat bakartzea erabaki zuen. Eta baita lortu ere: 2018ko abenduaren 13an belaontzi batean itsasoratu eta leku horretan lehorreratu zen, zibilizaziotik kanpo.

    Inolako komunikaziorik gabe, bakardaderik erabatekoenean, bizimodu zorrotz eta sakrifikatua hasi zuen Sergio Anselminok, naturaren gorabehera eta animalien mende.

    Nola deskriba dezakezu Mitre penintsula eta Puerto Españoleko babeslekua?

    300.000 hektarea hartzen ditu. Eremu basotsu batzuetan ia ezinezkoa da aurrera egitea; besteetan, berriz, irekiagoak direnetan, hezeguneak, urmaelak eta sakonera handiko ur putzuak daude, saihestu eta lohitu egin behar direnak. Kostaldean, itsaslabar handiak, harrizko eta hareazko hondartzak daude. Andeetako mendikatearen azken zatia da, desnibel handikoa. Gautxo batek, inguruko biztanle ohi batek, zera esan ohi du: «Mitre penintsula bizi egin behar da, inork ezin du kontatu».

    Gainera, klima aldaketa etengabearen eraginagehitu behar zaio. Latitudeagatik ez da harritzekoa udan elurra egitea. Maitemintzen duen lekua da, jatorrira itzularazten zaituelako, bakardadean norberak bere burua aurkitzen duelako. Naturaren aurrean jartzen zaitu eta ezereza sentiarazten dizu. Alabaina, gainditzen duzun egun bakoitzak indartsuago sentiarazten zaitu.

    Puerto Españoleko babeslekua hondartza handi baten parean dago. Oasi bat da basamortuan, eta beharrezko segurtasuna eskaintzen dio leku estrategikoan ibiltariari edo itsasoz heltzen den nabigatzaileari.

    Zerk erakarri zintuen Mitre penintsulan 2004an lehen espedizioa egin zenuenean?

    Egun askotan beste pertsona bat ikusi gabe egotea, isiltasuna, nahiz eta haizea oso indartsua izan. Biziraupen hutsa da, hiriko bizi-abiaduran blokeatuta egoten diren zentzumenak aktibatzen dira. Zuhaitzen, harrien eta itsasoaren hizkuntza ulertzen hasten zara.

    2018an, zure bizitzako txarrena izan den gaua igaro zenuen Puerto Españoleko txabola-babeslekuan. Muturreko esperientzia horren ondorioz erabaki zenuen behin betiko bakartzea, eta hala egon zinen lau urtez baino gehiago. Zer gertatu zen?

    2011tik sentitzen nuen beharra Puerto Españoleko txabolan isolamendu bat bizitzeko, hirira itzuli gabe. Plana atzeratu egin behar izan nuen, nahiz eta behin baino gehiagotan bisitak egin nituen, gehienez ere 15 egunekoak. Azkenean, 2014. urtean nire bizimoduari uko egin nion eta erabaki nuen lehentasuna ematea oraindik betetzeko nituen ametsei.

    Hego Amerikako zati bat zeharkatu nuen bizikletaz eta, 2018ko apirilean, beste ibilaldi bat egin nuen Puerto Españolako txabolara. Ekaitz bortitza lehertu zen. Haizeak gero eta indartsuago jotzen zuen. Gaueko hamarretan txabola mugitzen hasi zen; haizeak eramango ote zuen beldur nintzen. Erraldoi bat astintzen ariko balitz bezala…

    Gaueko hamabiak aldera biziraupen senak ohartari zidan presaka atera behar nuela. Baina nik sentitu nuen ez nuela alde egin behar, txabolak sufritzen zuenarekin saminduta nengoelako. «Joaten banaiz –pentsatu nuen–, haizeak erabat sutsituko du txabola».

    Hamabost aldiz egonda nintzen aurretik txabola hartan. Babesa eta beroa eskaini zizkidan, eta une horretan ezin non hutsik egin. Mahai azpian babestu nintzen, nire bizitzako gaurik txarrena bihurtu zenari aurre egiteko. Ia zortzi orduz jasan nituen dardarak; lurrikara moduko bat izan zen eta, noski, ez nuen lorik egin. Egunsentian egoera baretu egin zen, eta lasaitasuna iritsi. Eta orduantxe, kafe bat hartuz, erabaki nuen aterpea konpondu egin behar nuela.

    Gizartetik urruntzeko ideia hasi zen bueltaka buruan. Nahikoa heldutasun nuen konforta uzteko eta aurre egiteko bakardadeari, isiltasunari eta natura basatiari. Hiru hilabete egoteko asmoarekin itzuli nintzen, baina, azkenean, lau urte eta erdi izan ziren, harmoniak, naturaren energiak, soinuek, koloreek eta bakeak eraginda. Bitxia bada ere, nire bizitzako gaurik txarrena izan zen, baina nire bizitzako lau urte eta erdi ederrenak izan dira.

    2018ko abenduan lehorreratu zinenean, ez zegoen atzera egiterik. Nola ohitu zinen azkenean lagun izan zenituen beste izaki bizidunekin, hala nola, zezenekin, zaldi basatiekin edo azeriekin?

    Lehen egunean antzara basatiz inguratuta esnatu nintzen, 200 edo 300 inguru ziren. Zerbait magikoa izan zen. Zaldiak hilero hurbiltzen ziren aterpera. Onartzen ninduten, nitaz fidatzen ziren, familia bat bezalakoa ginen… Moxalak etxetik 5 metrora jaiotzen ziren.

    Arauak ezarri zenizkion zure buruari isolamendu latz honetatik bizirik ateratzeko?

    Zezen batek jo ninduen hondartzan, baina ez zuen zorigaiztoko amaierarik izan. Orduan ulertu nuen arau batzuk ezarri behar nituela. Segurtasunarekin lotutako edozein ekintzak oso neurtuta egon behar zuen, aizkorarekin egurra moztetik hasi eta papa bat zuritzeraino. Ezin nuen inolako lesiorik jasan. Errepide hurbilenera iristeko bost eguneko ibilaldia nuelako eta ospitalea 250 kilometrora zegoelako.

    Oinarrizko beste arau bat higienea zen. Bakarrik zaudenean, erraza da abandonura jotzea, eta psikologikoki horrek kalte handia eragiten du. Hirugarren araua zen zintzoa izatea neure nahaiarekin: gustura eta pozik ez bazaude, hobe da uztea. Eta esan behar dut, lau urte eta erdi igaro ondoren, istripu larririk izan gabe itzuli nintzela.

    Urteko lau urtaroak bete zenituenean, gainditutzat jo zenuen proba?

    Urteko lau zikloak bizi izan nituen eta indartsu eta osasuntsu nengoen. Ikusmenean eta usaimenean irabazi egin nuen. Harmonian, bakean, zoriontasunean, aske eta bizirik sentitzen nintzen benetan egin nahi nuena egiten. Hiria ez nuen faltan botatzen, eta lan asko nuen egiteko. Denboraren jabe nintzen, inolako loturarik gabe. Asko eskertzen nuen neukana.

    https://www.naiz.eus/es/hemeroteca/bidaiari/editions/bidaiari_2024-10-04-07-00/hemeroteca_articles/mitre-penintsulak-naturaren-aurrean-jarri-eta-ezereza-sentiarazten-dizu

  • ,

    «Euskal Herrian ni naiz munduko herri guztiak bisitatu dituen bakarra»

    «Euskal Herrian ni naiz munduko herri guztiak bisitatu dituen bakarra»

    NBEko kideak diren herrialdeak –193 gehi bi estatu behatzaile: Palestina eta Vatikanoa– bisitatu dituen lehen euskal herritarra da Ezra Gojenola Pertika (Ondarroa, 1987). Bere berezko jakin-minak mapetan eta bidaiari handien kontakizunen gozamenean murgildu zuen txikitatik. Gurasoek berari eta Aihen anaiari kutsatu zieten inguratzen gaituen mundua ezagutu eta ulertzeko grina. Familiako lehenengo bidaia urruna Egiptora egindakoa Seguir Leyendo >

    NBEko kideak diren herrialdeak –193 gehi bi estatu behatzaile: Palestina eta Vatikanoa– bisitatu dituen lehen euskal herritarra da Ezra Gojenola Pertika (Ondarroa, 1987). Bere berezko jakin-minak mapetan eta bidaiari handien kontakizunen gozamenean murgildu zuen txikitatik. Gurasoek berari eta Aihen anaiari kutsatu zieten inguratzen gaituen mundua ezagutu eta ulertzeko grina.

    Familiako lehenengo bidaia urruna Egiptora egindakoa izan zen. Ezrak hamar urte zituen eta Aihenek, zortzi. Adin goiztiar horretan, piztu zitzaien biei herrialde albait gehien ezagutzeko gogoa. Eta, harrezkero, oporrak eta egun libre guztiak aprobetxatu zituzten leku berriak bisitatzeko.

    Ezra Ekonomian lizentziaduna da Mosbacheko Unibertsitatean. Alemanian lan egin ondoren, Bartzelonara joan zen, non ohiko bizitza egiten zuen, harik eta 2020ko hasieran lanerako bidean moto istripu larri bat izan zuen arte. Susperraldi prozesua pandemia garaian jasan zuen eta, jakina, eragina izan zuen bere bizimoduan.

    Errekuperazio faseko hilabeteetan, bizitzaren hauskortasunaz eta iheskortasunaz hausnartu zuen, eta baita zein garrantzitsua den gure ametsak betetzen saiatzea, aukera dugun bitartean. Orduan erabaki zuen anaiarekin Erdialdeko Amerikara bidaiatzea. Eta, esperientziaren ondoren, argi izan zuen NBEko herrialde ofizial guztiak osatzeko falta zitzaizkion 90 herrialdeak bisitatu behar zituela. Horretan jardun du buru-belarri, erabakia hartu zuenetik.

    Elkanok (1519-1522) munduari lehen bira eman zioneko 500. urtemuga zen eta, euskaldun bezala, balentria honek inspirazio iturri gisa balio izan zion Ezrari.

    Non erregistratuta dago Lurreko herrialde guztiak osatzen dituen lehen euskal herritarra zarela? Ba al dago zerrenda hori egiaztatzen duen mundu mailako erakunderik?

    NomadMania bidaiari komunitate batek osatutako Interneteko orrialdea da, nazioarte mailan aintzatespenik handiena duena. Pasaporteak erakusten dira bisekin edo herrialde horietan egon zarela frogatzen duen dokumentu grafikoren batekin.

    Egiaztatuta dago orain arte 260 pertsona inguruk lortu dutela munduko herrialde guztiak bisitatzea, eta Euskal Herrian ni naiz hori lortu duen bakarra.

    Aihen anaiak askotan laguntzen zaitu. Helburu bera lortzeko bidean da bera ere?

    Bai, orain arte 182 herrialdetan egon da, eta laster guztiak bisitatzea lortuko du, umetatik partekatzen genuen ametsa betez. Ez dut zalantzarik. Bera da nire bidaia lagunik onena; elkarrekin herrialde askotan ibili gara, batez ere Afrikako kontinentean eta gatazka armatuetan murgilduta dauden herrialdeetan. Zoritxarrez, egun herrialde asko daude egoera horretan. Elkarri laguntzen diogu eta animatu bietako bat ahulago dagoenean. Hainbeste une partekatu ditugu elkarrekin, ezen polita izango litzatekeen munduko herrialde guztiak bisitatzen dituzten lehen anaiak izatea.

    Mapekiko duzun interesagatik hasi al zen dena?

    Historia eta giza balentria handiei buruzko jakin-mina duen pertsona naiz. Gurasoek txikitatik eramaten gintuzten museoetara. Ernamuin bat sortu zen duela 25 urte, familian Egiptora joan ginenean. Haurtzaroan hainbeste irakurri nituen liburuetako beste pertsonaia bat bezala ikusi nuen neure burua. Gure mundu handia nire begiekin ahalik gehien ikusteko irrika sentitu nuen.

    Egipton umetan egindako egonaldia eta heldua zinela izandako moto istripua izan al dira zure ametsa betetzera bultzatu zintuzten aldaketa nagusiak?

    2020an moto istripu bat izan nuen Bartzelonan, lanera nindoala. Auto batek abiadura handian harrapatu ninduen, eta hainbat hilabete behar izan nituen osatzeko. Bizitza zein hauskorra den pentsatu nuen; edozein unetan joan gaitezke, konturatu gabe. Une egokia zen nire bizitzan geldialdi bat egiteko, neure buruarentzat denbora bat hartzeko, lana alde batera utzi eta ehuneko ehunean nire pasioan aritzeko: bidaiatzea eta mundua ezagutzea.

    Istripuari pandemia gehitu zitzaion. Garai arraroak izan ziren pandemiagatik eta istripuaren bizipen traumatikoagatik, zorigaiztokoa izan zitekeena. Beherantz nindoala sentitzen nuen, harik eta gurasoek eta anaiak Erdialdeko Amerikan bidaia bat egitera animatu ninduten arte. Mugitzeko irrika berreskuratu nuen eta hurrengo hiru urteetan abentura hau burutzeko erabakia hartu nuen.

    Ordura arte 105 herrialde zeneramatzan, 90 herrialde falta zitzaizkizun guztiak osatzeko. Nola lortu duzu epe horretan egitea?

    Zona geografikoen arabera taldekatzen eta zeharkatzen nituen herrialdeak. Etxera itzultzen nintzen berriro, bisa eta baimenak kudeatzeko. Aldez aurreko lan hori oso neketsua da, eta are nekezagoa pandemia garaian. Herrialde askok mugak itxita zituzten, eta inguruko herrialdeetako enbaxadetara joan behar genuen, zirkulazioa ahalbidetuko zigun dokumentu bat eman ziezaguten. Hori gertatu zitzaigun Liberiatik Sierra Leonara joan ginenean, baina beste kasu batzuk ere izan ziren.

    Nola planifikatzen duzu logistika Ozeano Bareko uharteak bisitatzeko? Herrialde ñimiño eta oso sakabanatuak daude ozeano zabal honetan…

    Gure planteamendua izan zen bidaia bakar batean egitea, bakar bat utzi gabe. Batzuetara iristea zaila da, urruti daudelako, hala nola Tuvalu, Kiribati, Nauru, Marshall… Kontuan izan behar da bata bestearekin lotura gutxi duten uharteak direla. Adibidez, Nauruk (Vatikanoaren eta Monakoren ondoren hirugarren herrialderik txikiena) komunikazio oso gutxi ditu. Beraz, hurrengo hegaldia hartu arte astebetez bertan egotera behartuta zaude. Aukerarik onenak konbinatu behar dira, denetara iritsi ahal izateko.

    Zein estrategia erabili zenuten Libian edo talibanen Afganistanen sartzeko?

    Mendebaldeak ezarritako gobernua erori eta talibanak itzuli zirenean, Afganistanen sartu ziren lehen bisitariak izan ginen. Islamabadeko Afganistango enbaxadara joan behar izan genuen, Pakistango hiriburura, enbaxadore talibanarekin elkartzeko. Hark, azkenean, oniritzia eman zigun herrialdean sartu ahal izateko. Libiara, berriz, negozio bisarekin bakarrik joan zaitezke. Gure kasuan, petrolio enpresa bateko langileak ginen. Eta halaxe lortu genuen sartzeko baimena.

    Zein herrialdek markatu zaitu gehien bere gordintasunarengatik?

    Gerran dauden herrialdeak, benetan behar asko dituztenak edo pobrezia hutsean daudenak… Denetarik ikusi dut. Baina esango nuke Haitin sentitu dudala segurtasun falta gehien. Une honetan banda armatuek agintzen dute, batez ere hiriburuan, Port-au-Princen. Suntsitutako herrialdea da, gobernu egonkorrik gabekoa. Biztanleek ez dute bizitzeko baliabiderik.

    Zergatik aukeratu duzu Cabo Verde azken helmuga gisa NBEko herrialde kide guztiak osatzeko?

    Juan Sebastian Elkano miresten dut, gizateriaren historiako bidaiari handienetako bat. 1522an amaitu zuen munduaren inguruko lehen itzulia eta, Sevillara itzuli aurretik, Cabo Verdera joan zen. Bere espedizioa ohoratzea erabaki nuen. Eta ba al dago Afrikako artxipelago hau baino leku aproposagorik bukatzeko? Victoria itsasontzia ere Ondarroako ontzioletan eraiki zen, eta, txikitatik Getxon bizi izan naizen arren, aitaren aldetik eta sentimenduz, ondarroarra naiz. Beraz, 2023ko irailaren 25ean, Elkanoren itzulitik 501 urtera, munduko herrialde guztien zerrendaren amaiera ospatu ahal izan nuen. Gainera, gurasoak eta anaia etorri ziren ospatzera. Beraz, gogoratzeko eguna izan zen.

    Somalilandia bezalako onartu gabeko herrialdeetan jarraitzeko asmorik baduzu? Bertan geldialdi bakarra egin zenuen…

    Hiru falta zaizkit. Horietako bat Somalilandia da, non bi orduz egon nintzen, baina honek ez dit balio. Uste dut bi egun eta gutxienez gau bat egon behar dela bisita jasota gera dadin.

    Abkhazia eta Hego Osetia ere falta zaizkit. Bi lurraldeak Georgian daude, baina independentetzat hartzen dira, Errusiak eskualde horietan duen eraginagatik. Adibidez, Transnistria eta Moldaviaren kasua.

    https://www.naiz.eus/en/hemeroteca/bidaiari/editions/bidaiari_2024-07-05-07-00/hemeroteca_articles/euskal-herrian-ni-naiz-munduko-herri-guztiak-bisitatu-dituen-bakarra

Esta web funciona gracias a WordPress.com